Skip to main content

Ander Goñi Medrano, NAIR Centerreko doktoregoa lortu aurreko ikertzailea, Nafarroako Kutxa Fundazioaren beka jaso duena, ikerketa-egonaldi bat egiten ari da Ganteko Unibertsitatean (Belgika). Nazioarteko esperientzia horri esker, ikaskuntza automatikoari aplikatutako datuak bateratzeko metodo berriei buruzko doktorego-tesian aurrera egin ahal izango du. Lerro hori funtsezkoa da adimen artifizialaren arloko informazioaren kalitatea, integrazioa eta ustiapena optimizatzeko.

Egonaldian zehar, Ander lankidetzan ari da Bernard De Baets irakaslearekin, Ganteko Unibertsitateko Faculty of Bioscience Engineering-eko Data Analysis and Mathematical Modelling departamentuko zuzendari eta KERMIT Research Unit Knowledge-based Systems unitateko liderrarekin. De Baets, matematikaria, informatikaria eta ezagutzaren ingeniaria, nazioartean entzute handikoa da logika lausoan, modelizazio prediktiboan eta espazio-denborazkoan egindako ikerketengatik eta zientzia biologikoetan egindako aplikazio berritzaileengatik. 550 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu eta Fuzzy Sets and Systems bezalako erreferentziazko aldizkarietako editorea da.

Nafarroako Kutxa Fundazioaren doktorego aurreko bekari esker, Anderrek —Matematikako gradua eta Matematika Aurreratuko masterra duena— NAIR Centerren garatzen du bere tesia, datuen analisi eta bateratze adimendunaren arloan. Hori da, hain zuzen ere, doitasun-medikuntzan, bioteknologian eta segurtasun informatikoan aplika daitezkeen adimen artifizialeko soluzio berriak bultzatzeko zentroaren ildo estrategikoetako bat.

Laguntza horrek NAIR Centerren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren artean 2023an erdietsitako akordioari erantzuten dio. Horri esker, Nafarroako Kutxa Fundazioak ikerketaren eta ezagutzaren aldeko apustua indartu zuen. Nafarroako Kutxa Fundazioaren helburuetako bat gizarteak planteatzen dituen erronka berriei erantzutea da, eta, zalantzarik gabe, adimen artifiziala eta izan ditzakeen aplikazioak guri dagokigun zerbait dira.

Lankidetza horrek indartu egiten du NAIR Centerrek talentu gaztea eta nazioarteko konexioa bultzatzeko hartu duen konpromisoa, Nafarroa ikerketa eta berrikuntza teknologikoaren arloko erreferentziazko eskualdea izan dadin.

 

NAIR Centerri buruz

NAIR Center, Nafarroako Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroa, adimen artifizialaren (AA) eta datu-ingeniaritzaren arloko ikerketa aurreratua sustatzea ardatz duen irabazi-asmorik gabeko erakundea da. 2022. urtean Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez sortua, NAIR Center lider gisa posizionatu da gizartearen eta industriaren onerako adimen artifizialaren aplikazioan, eta bikaintasunarekin konprometituta dago teknologia aurreratuak erabiliz gaur egungo erronkei aurre egiteko soluzio praktikoak ikertzeko eta garatzeko eginkizunean. Bere helburu nagusien artean aipa daitezke, besteak beste, adimen artifizialaren eta datuen teknologian kalitate handiko ikerketa sustatzea, enpresei eta gizarteari ezagutzak helaraztea, SINAI Nafarroako I+G+B Sisteman eta eskualdeko enpresetan adimen artifizialaren erabilera sustatzea lehiakortasuna bultzatzeko, adimen artifizialaren arloko ikerketa akademikoa eta aplikatua babestea, balio handiko enpleguen sorrera sustatzea, eta I+G+Baren garapen orokorrean laguntzea, Nafarroan eta inguruko eskualdeetan enpresa teknologiko berriak eta ikerketa-zentroak sustatzearen bidez.