CYCek eta NAIR Centerrek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, adimen artifizialaren eta datu-zientziaren esparruan baterako garapena sustatzeko eta soluzio berritzaileak ezartzeko. Hitzarmena CYCek Mutiloan duen egoitzan sinatu zen, eta, ekitaldi horretan, bi antolakundeetako ordezkariek adierazi zuten lankidetza horrek eragindako poza. Luis Ramón CYCeko Data Analytics-eko zuzendariak hau adierazi zuen: “pozik gaude adimen artifizialaren etorkizuna antolakundeetara helarazteko bidea NAIR Centerrekin batera egitearekin. Akordio honek gure ezagutzak eta baliabideak uztartzea ahalbidetzen digu, adimen artifizialaren aplikazio praktikoan bizkorrago eta gehiago aurrera egite aldera». Bestalde, NAIR Centerreko zuzendari gerente Gorka Garciak honako hau adierazi zuen:
«Adimen artifiziala iraultza da teknologiarekin elkarreragiteko moduan eta eguneroko jarduerak gauzatzeko moduan. CYCekin egingo dugun elkarlanaren helburu nagusia da CYCek produktuen eta soluzioen garapenean duen esperientzia eta guk adimen artifizialeko teknika aurreratuetan dugun esperientzia uztartzea. Sinergia horri esker, adimen artifizialaren potentzial osoa aztertu ahal izango dugu eta soluzio berritzaileak diseinatu ahal izango ditugu. Hartara, askotariko industrien eta sektoreen efizientzia eta produktibitatea hobetzeaz gain, etorkizunerako aukera eta perspektiba berriak ere irekiko ditugu.
Bi aldeek elkarlan estuan aritzeko eta ezagutzak, tresnak eta baliabideak partekatzeko duten konpromisoa islatzen du hitzarmenak, betiere egungo enpresa-premiekin bat datozen proiektuak, konponbideak eta zerbitzuak diseinatzera begira.
Lankidetza-hitzarmen hori adimen artifizial aurreratuaren arloko teknologien ikerketan eta garapenean ez ezik, interes komuneko arloetako prestakuntzan eta gaikuntzan ere oinarrituko da, baita proiektuen baterako ikerketa eta garapenean, ezagutzen etengabeko transferentzian, elkarri laguntzean —transferentzia teknologikoko proiektu eta oinarrizko eta aplikatutako ikerketako proiektuetan—, eta dibulgazioko ekitaldiak eta jarduerak batera antolatzean, adimen artifiziala gure bizitzetan duen eraginari buruzko ulermena eta eztabaida susta dadin.
Hitzarmen horren bidez, CYCek eta NAIR Centerrek gizartearen onurarako adimen artifizialaren garapena eta aplikazioa sustatzeko elkarlanean jardungo dute eta, horretarako, elkarrekin lan egingo dute muga berriak azter daitezen eta aurrerapena bultzatu eta pertsonen eta gizarte osoaren bizitza hobetuko duten soluzio berritzaileak sor daitezen.
CYCri buruz
CYC aholkularitza teknologiko bat da, lankidetza-plataformen, neurrirako soluzioen eta datu-analitikaren eta adimen artifizialaren bidez eraldaketa digitaleko proiektuetan espezializatuta dagoena. Teknologia da CYCen negozioaren oinarria, baina hori posible egiten duten pertsonak dira CYCen hogeita bost urte baino gehiagoren sekretua. Teknologiaren azken joeretan oinarrituta, gure bezeroen lehiakortasuna hobetuko duten soluzio berritzaileak bilatzen ditugu, gure taldeen sormenari, prestakuntzari eta lanari esker. Hazten jarraitzera begira, erabateko konfiantza dugu Iruñea, Madril, Bilbo, Donostia eta Zaragozako gure egoitzetako 200 profesional baino gehiagoren talentuan eta berrikuntzarako gaitasunean.
NAIR Centerri buruz
NAIR Center, Nafarroako Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroa, irabazi asmorik gabeko entitatea da, adimen artifizialean eta datu-ingeniaritzan ikerketa aurreratua sustatzea oinarri duena. NAIR Center 2022an sortu zen, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, eta liderra da gizartearen eta industriaren onurarako adimen artifizialaren aplikazioan. Konpromiso irmoa du ikerkuntzaren bikaintasunarekin eta, erronka garaikideei aurre egiteko, teknologia aurreratuen bidezko soluzio praktikoen garapenarekin. Haren helburu nagusiak dira: adimen artifizialaren teknologian eta datuetan kalitate handiko ikerketa sustatzea; enpresei eta gizarteari ezagutzak helaraztea; Nafarroako Berrikuntza Sisteman eta eskualdeko enpresetan adimen artifizialaren erabilera sustatzea, lehiakortasuna handitze aldera; adimen artifizialaren arloko ikerketa akademikoa eta aplikatua babestea; balio handiko enpleguen sorrera sustatzea; eta I+G+Baren garapen orokorrean laguntzea, Nafarroan eta inguruko eskualdeetan enpresa teknologiko berriak eta ikerketa-zentro berriak sustatuta.


