Skip to main content

Nafarroako Kutxa Fundazioak ikerketaren eta ezagutzaren aldeko apustua indartu du, Nair Center Nafarroako Adimen Artifizialeko Nazioarteko Ikerketa Zentroarekin elkarlanean. Nafarroako Kutxa Fundazioaren helburuetako bat da gizarteak planteatzen dituen erronka berriei erantzutea, eta, zalantzarik gabe, adimen artifizialak eta haren balizko aplikazioek zeresana dute horretan.

Hori dela eta, Nair Centerri —Nafarroan arlo horretako erreferentea—50.000 euroko laguntza emango dio 2023-24 ikasturtean, doktoratu aurreko bi ikerketa-beka bultzatzeko, bata neurozientzia konputazionalari buruzkoa eta bestea datuen eta informazioaren fusioari buruzkoa. Lehenengo doktorego-tesia Nair Centerren neurozientzia konputazionaleko ikerketa-ildoaren barruan kokatzen da. Tesi horren helburua da elektroentzefalogrametako seinaleen edo bestelako seinaleen teknika adimendun bidezko analisian sakontzea. Bigarren doktorego-tesia, aldiz, datuak eta informazioa bateratzeko oinarrizko ikerketa-ildoarekin lotzen da. Adimen artifizialeko algoritmoetan aplikagarriak diren datuak fusionatzeko mekanismo berrien garapenean oinarrituko litzateke, horien interpretagarritasuna eta azalgarritasuna hobetu dadin. Hau da, algoritmo adimendun zehatz batek kasu jakin batean ematen duen erantzuna zergatik ematen duen ulertzean oinarrituko da. Horixe da, hain zuzen, gaur egungo adimen artifizialaren arazo garrantzitsuenetako bat. Zenbateko osoa ikerketa horiek egiten dituzten bi pertsonen ordainsariak ordaintzeko jarriko da.

Era berean, ikerketa horien iraupena lau urtekoa da, eta bi pertsonek beren lanak aurkeztu beharko dituzte, doktore bihurtuko badira. Urte bakoitzaren amaieran, jarraipen-bilerak egingo dira, bi arlo horietan egiten ari diren aurrerapenak ezagutze aldera.

Nair Centerrek Nafarroako gizartearentzat eta nazioarteko garapen zientifikoarentzat interesgarriak diren adimen artifizialaren eta datu-ingeniaritzaren arloko bikaintasuneko oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua sustatzen eta bultzatzen ditu. Halaber, Nafarroan adimen artifizialaren hedapena eta dibulgazioa bultzatzen du, eta Nafarroako Berrikuntza Sistemako (SINAI) egikaritze-agenteek eta Nafarroako enpresek adimen artifiziala erabil dezaten bultzatzen du, lehiakortasuna areago dadin.

Era berean, adimen artifizialaren arloan unibertsitateek garatutako oinarrizko ikerketa eta ikerketa-zentroek eta zentro teknologikoek garatutako ikerketa aplikatua babesten ditu. Balio erantsi handiko enplegua sustatzearen alde eta adimen artifizialaren eta datu-ingeniaritzaren alorreko talentua Nafarroara erakartzearen alde ere lan egiten du. Bestalde, I+G+Bren sustapen orokorrean laguntzen du, baita Nafarroan oinarri teknologikoko enpresa berriak eta ikerketa-zentroak, zentro teknologikoak eta antzekoak ezartzen ere.

Iturria:  https://www.aditech.com