Estrategia hobeak diseinatzea, lehiakideen artean nabarmentzea edo bezeroak eta produktuak hobeto ezagutzea dira adimen artifizialak enpresen garapenerako eta lehiakortasunerako egiten dituen ekarpenetako batzuk.
Gaur egun, erabiltzen da: prozesuak automatizatzeko; makinak programatzeko, bolumen handiko lanak gizakiek baino denbora gutxiagoan egin ditzaten; informazioa jaso eta aztertzeko; eta diagnostiko mediko zehatzak garaiz egiteko.
Adimen artifizialak zernolako bilakaera izango duen irudikatze aldera eta haren botere eraldatzailea ezagutze aldera, astearte honetan egin den DNN Topaketak gai horretan adituak diren pertsonak bildu ditu, eta adimen artifizialaren onurei buruz ez ezik, sortzen dituen aukera berriei buruz eta teknologia hori erabiltzeak dakarren etikari eta erantzukizunari buruz ere hitz egin da.
Alberto Monge, LIS Data Solutions-eko CTOa; Stella Salvatierra, DATAI Datuen Zientziako eta Adimen Artifizialeko Ikerketa Institutuko zuzendariordea eta Nafarroako Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko irakaslea; David Aranguren, Zabala Innovation-eko Proiektu Nazionaletako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien taldeko arduraduna; eta Angela Bernardini, Nair Centerreko Berrikuntza eta Eraldaketa Teknologikoko arduraduna, izan ziren eztabaida-mahaiaren protagonista. Mahai horretan, adimen artifizialari buruz duten pertzepzioa azaldu zuten, eta ekonomian eta industrian duen eragina “oso handia dela eta enpresa-espektro zabal bati eragiten diola” adierazi zuten.
Adimen artifizialak industrian duen inpaktua
Adimen artifizialak gero eta presentzia handiagoa du enpresetan, eta adimen artifizialaren ezarpena goitik behera aldatzen ari da gizartea, nahiz eta oso hasiberria den, Stella Salvatierrak azaldu zuenez. “Garapen fasean gaude, eta inpaktua izango du gizartearen alderdi guztietan”.
Adimen artifizialaren kontsumo orokortuak agerian uzten du “geratzeko etorri dela” eta “egungo arazoetarako soluzio espezifikoak eman ditzakeen teknologiaren erabilera masiborantz” goazela, ziurtatu zuen David Arangurenek.
Esaterako, adimen artifizialak hobekuntza ugari ekar diezazkioke industriari, industria-sektorean gertatzen den moduan. Industria-robotek ikaskuntza automatikoa erabiltzen dute produkzioaren efizientzia hobetzeko eta muntaia-lerroko erroreak murrizteko, produkziorako gaitasuna hobetu dadin.
Gainera, adimen artifiziala tresna horien gaitasunak handitzeko ere erabiltzen da, gero eta lan konplexuagoak egin ahal izan ditzaten, soldaduratik eta osagai elektronikoen mihiztaduratik hasi eta doitasun eta kontrol handiko kirurgia konplexuetaraino eta pazientearentzat hain inbaditzaileak ez diren prozeduretaraino.
Topaketa horretan, teknologia horren aurrerapena Interneten inplementazioarekin lotu zen. “Duela 25-30 urte, Internet oinarrizko ondasuna izango zela aipatzen genuen, eta gauza bera gertatuko da adimen artifizialarekin”, esan zuen Stella Salvatierrak.
Egia esan, gaur egun, adimen artifiziala datozen urteetan Interneten giltzarri bihurtuko dela pentsa daiteke, eta teknologia enpresa handiak horren inguruan prestatzen ari dira.
“Aldaketak gertatuko dira negozio motan eta, batez ere, negozio hori saltzeko moduan. Enpresa bakoitzak, modu batean edo bestean, egokitzen ikasi beharko du”, eman zuen aditzera Angela Bernardinik. Adimen artifizialarekin goitik behera aldatzen ari dira enpresen produkzio-prozesuak, eta haien aukerak modu esponentzialean areagotu dira hilabete gutxi batzuetan.
Konpainia sortu berri askok sartu dute jada teknologia hori. Alberto Monjek modako enpresen adibidea jarri zuen, “erabiltzaileen gustua ezagutzeko eta joerei aurrea hartu ahal izateko” erabiltzen baitute.
Osasuna eta teknologia
Adimen artifizialak aztarna adierazgarria utzi du esparru askotan, eta medikuntza ez da salbuespena. Teknologiak aurrera egitearekin eta gero eta datu mediko gehiago eskura izatearekin, adimen artifizialak osasun-arreta iraultzeko gaitasuna erakutsi du. Diagnostiko goiztiarretik hasi eta ikerketa medikoraino, adimen artifiziala onura baloraezinak eskaintzen ari da. DNN topaketan, adimen artifizialak eskain ditzakeen onura mediko nabarmenetako batzuk aztertu ziren; Stella Salvatierrak azaldu zuenez,
“Osasun mentaleko proba asko egiten ari dira, eta esparru horretan aukera handi samarrak izango ditu. Pazienteak hobeto ezagutzeko eta hobetzeko askotariko aplikazioak daude”.
Doitasun-medikuntzan ere aplikatzen da, adimen artifizialari esker errealitate bihurtzen ari baita. Adimen artifizialaren algoritmoek pazienteen datu genetikoak azter ditzakete, eta ezaugarri indibidualetan oinarritutako tratamendu-gomendio espezifikoak eskain ditzakete. Horri esker, sendagai eraginkorragoak eta pertsonalizatuagoak eman daitezke, eta eraginkortasunik gabeko tratamenduak edo tratamendu kaltegarriak saihestu. Gainera, adimen artifizialak medikuei ere lagun diezaieke paziente batek tratamendu jakin bati emango dion erantzuna aurreikusten, eta horrek doikuntza egokiagoak eta zehatzagoak ahalbidetuko ditu.
“Medikuntza pertsonalizatua errealitate da jada. Gu, unibertsitatean, bide horretan lanean ari gara”, azaldu zuen Stella Salvatierra DATAIko zuzendariordeak eta Nafarroako Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko irakasleak.
Argudio horrek berretsi egiten du Foru Komunitateak medikuntza pertsonalizatuaren alde egin duen apustua, eta horixe da, hain zuzen, S4ren lehentasunezko ardatzetako bat. Nafarroa eskualde aitzindaria da estatuan arlo horretako estrategia integral bat onartzeko garaian. Izatez, Espainiako kluster biomediko dinamikoenetako bat da, eta espezializazio-indize oso handia duten esparru teknologikoen artean, elikagaien kimika, produktu farmazeutikoak eta bioteknologia nabarmentzen dira.
Aztertzeke dagoen potentziala
Topaketaren helburua izan zen teknologia hori ezartzearen ondorioz sortzen diren ohiko galderei erantzutea —adibidez, lanpostuetan eragina izan dezakeen—.Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, adimen artifizialaren agerpenak munduan egiten diren lanen % 14ri eragin diezaieke, eta teknologia horien ondoriozko arriskuez jabetu behar dugu, arriskuak minimiza daitezen eta ahalik eta eraginkortasun handienarekin kudea daitezen.
“Egia da arriskua dagoela, baina aukerak ere badaude. Lanak eraldatuko ditu, baina baita beste asko sortu ere”, adierazi zuen Alberto Monjek. Gainera, azaldu zuen ez dela beti posible eta desiragarria enplegu batean teknologia hori sartzea, efizientzia, etika edo legeak tarteko.
Arlo horretan dagoen beste arazoetako bat da gaia arautuko duen legerik ez egotea, Bernardinik honela azaldu zuen: “Ez dugu legeriarik. Hain azkar egiten dugu aurrera, zaila baita zientzialariak eta politikariak ados jartzea, hilabete gutxi batzuetan aurrera egin dugu-eta”.
Arloko legeriarik ez dagoenez gero, Europako Parlamentuak adimen artifizialari buruzko lege-proposamena aurkeztu du, munduan lehena. Europar Batasunak bi urte zeramatzan testua prestatzen, eta aldaketak egin behar izan ditu adimen artifizial generatiboaren azken garapenek eraginda (ChatGPT edo Midjourney, adibidez).
Bernardinik azaldu zuenez, lege-proposamena 2025ean sartuko da, eta zenbait erabileraren hedapena debekatuko du, hala nola leku publikoetan aurpegiak ezagutzea”, hau da, pertsonak era batera edo bestera sailkatzen dituzten algoritmo guztiak debekatuko dira, eta arrisku-mailetan oinarritutako oinarrizko arauak ezarriko ditu, “gutxienekotik” “onartezinera”.
Adimen artifizialari buruzko legeak honelako sistemak debekatuko ditu: espazio publikoetan “denbora errealean egiten diren” urrutiko identifikazio biometrikoko sistemak; ezaugarri sentikorrak (arraza edo generoa, adibidez) erabiltzen dituzten kategorizazio biometrikoko sistemak; polizia-sistema prediktiboak (iraganeko profiletan, kokapenean edo delitu-jokabidean oinarrituak); ordena-indarren emozioak, mugen kudeaketa, lantokia eta hezkuntza-erakundeak ezagutzeko sistemak.
Era berean, Alberto Guzmán kazetari eta aurkezleak moderatutako topaketaren amaiera-ekitaldian, teknologia artifizialaren agerpen bortitzaren aurrean eta hura arautuko duen lege-esparrurik ezaren aurrean gizarteak dituen erronkak jorratu ziren.
“Erronka etiko ugari daude, eta behar-beharrezkoa da gobernuen eta enpresen arteko elkarlana, nahiz eta atzetik goazen”, adierazi zuen Arangurenek. Iruzkin horren harira, Angela Bernardinik gardentasuna eskatu zien erakundeei, adimen artifizialaren alderdi negatiboak azal ditzaten. “Berrikuntza eta Transferentzia Teknologikoaren arduradun naizen aldetik, ekar diezazkigukeen onura guztietan pentsatzen dut, baina, ama naizen aldetik, adingabeentzat dauden arriskuetan pentsatzen dut; hori dela eta, iruditzen zait dibulgazioa behar dela eta gizarteak nora irits gaitezkeen jakin behar duela”. Eta amaitzeko aditzera eman zuen: “jeinua lanparatik irten da, ezin dugu gelditu, baina geure burua babesteko jardun dezakegu”.
Iturria: www.noticiasdenavarra.com


