Skip to main content

Adimen artifizialak eta teknologiak garrantzi handiko zeregina betetzen dute Nafarroako eraldaketa ekonomikoan. Automobil-industriatik hasi eta nekazaritza eta osasuneraino, aurrerapen horiek eskualdearen efizientzia, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzen ari dira. Nafarroako Gobernuak berriki egindako txosten baten arabera, produkzio-sektoreen digitalizazioak, hurrengo hamarkadan, % 10 handitu dezake eskualdeko barne produktu gordina. Agerian dago, beraz, garapen horien garrantzia.

Automobil-industrian adimen artifizialeko sistemak barne hartzeak ahalbidetzen du produkzio-katea optimizatzea, mantentze prediktiboa inplementatzea eta produktuen kalitatea hobetzea.

Nekazaritzan, droneen, sentsore adimendunen eta big datako analisien erabilerak aukera eman die nekazariei laboreak inoiz ez bezalako zehaztasunez monitorizatzeko eta, hartara, baliabideen erabilera optimizatzeko eta errendimenduak % 15eraino handitzeko. Berrikuntza horiek errentagarritasuna hobetzeaz gain, nekazaritza-jardunbide jasangarriagoak ere sustatzen dituzte.

Osasunaren arloan, adimen artifiziala goitik behera aldatzen ari da gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua. Nafarroako Unibertsitatearen azterketa batek agerian utzi du onkologian adimen artifiziala erabiltzeak diagnostikoen zehaztasuna % 30 arte handitu dezakeela, eta kostuak nabarmen murriztu eta emaitza klinikoak hobetu ditzakeela.

Eraldaketa teknologiko hori, Nafarroako ekonomia aldatu, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen ari da, enplegu-aukera berriak sortzearekin eta hazkunde jasangarria sustatzearekin. 2019. urteaz geroztik, eskualdeak 5.000 enplegu baino gehiago sortu ditu teknologia-sektoreetan, hau da, % 12ko hazkundea izan da enplegu teknologikoan.

Hala ere, eraldaketa digitalerako bide horretan erronka ugariri egin beharko zaio aurre. Etengabeko prestakuntza eta lan-indarraren egokitzapena ezinbestekoak dira langileek gero eta teknologikoagoa den ekonomiaren eskaerei aurre egin diezaieten.

Gaikuntza-ekimenak eta birziklatze profesionalerako programak funtsezkoak dira lehiakortasunari eutsiko bazaio. Nafarroako Gobernuak konpetentzia digitalei buruzko prestakuntza-programa abiarazi berri du. 3.000 langilek baino gehiagok parte hartu dute, eta teknologia-sektorean sortzen diren rol berrietarako prestatu dira.

Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana eta berrikuntza-estrategia argia funtsezkoak izango dira Nafarroak arlo teknologikoan duen lidergoari eusteko.

Nafarroako Parke Teknologikoak, adibidez, 100 enpresa teknologiko baino gehiago ditu, eta 50 milioi eurotik gorako inbertsioak erakarri ditu azken bost urteotan.

Gainera, gero eta atzerriko inbertsio gehiago ari da erakartzen, eta nazioarteko enpresek ikerketa- eta garapen-zentroak ezartzen ari dira Nafarroan. Horrek, ekonomia dibertsifikatzeaz gain, ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia bultzatzen du, tokiko enpresen mesedetarako. 2023an, Nafarroak 200 milioi euro baino gehiago jaso zituen proiektu teknologikoetarako atzerriko inbertsioetan, eta Europan berrikuntza-hub gisa duen posizioa sendotu zuen.

 

Adimen-zentroa

Aurrera egiten jarraitze aldera eta lidergo teknologikoari euste aldera, Nafarroako Gobernuak adimen artifizialerako NAIR Center ikerketa-zentroa bultzatu du. Duela urtebete inauguratu zenetik hazkunde nabarmena izan du. Zentroak dagoeneko 11 proiektu ditu abian, 5 lankidetza-hitzarmen eta 9 zerbitzuko zorroa, erakunde, enpresa eta profesionalentzat.

NAIR Centerrek berrikuntza eta enpresa-hazkundea sustatzeaz gain, Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloan sartu da, adimen artifizialaren arloko koordinatzaile gisa. Horrela, arlo horretan zentro lider gisa duen posizioa indartu du. Nafarroako I+G+B Sistemaren (SINAI) entitate berezia denez gero, eskualdean garapen teknologikoa bultzatzera bideratutako ikuspegia eskaintzen du.

NAIR Centerren garapena eta bultzada funtsezko urratsa izan da adimen artifizialak Nafarroan aurrera egin dezan, eta bere posizioa sendotu du Foru Gobernuaren babesari, finkatutako lantaldeari eta ikuspegi estrategiko argiari esker. NAIR Centerren xedea da ikerketa eta adimen artifizialaren aplikazioa bultzatzea eta koordinatzea, gizarte osoaren mesederako. Zentroaren plan estrategikoak lau ikerketa-arlo nagusi ditu ardatz: datuen analisi adimenduna; ikaskuntza automatikoa; adimen artifizial disruptiboa eta gizartean duen eragina; eta adimen artifizial esplikatiboa.

Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza funtsezko zutabea izan da NAIR Centerren estrategian. Lankidetza-hitzarmenak sinatu dira —adibidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP)— eta, hitzarmen horiei esker, izen handiko ikertzaileek elkarlan estuan jardun dute zentroko langileekin inpaktu handiko proiektuetan. Sinergia hori ezinbestekoa da Nafarroako aurrerapen teknologikoen dinamismoari eta garrantziari eusteko, baita eskualdea adimen artifizialaren arloko berrikuntzan eta garapenean abangoardian mantenduko dela ziurtatzeko ere.

Jatorrizko artikulua