Foru Komunitateak STEM gisa ezagutzen diren karreretan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) genero-arrakala murrizten eta emakumeen talentua proiektatzen jarraitzen du; izatez, 2019. urteaz geroztik, NUPeko gradu horietan matrikulatutako emakumeen kopurua % 21 handitu da. Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eman du datu hori, atzo STEM karreren dibulgazioaren aldeko jardunaldi batean. Nafarroako Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Elkarteak (Amedna) antolatutako jardunaldia Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioan (CEN) egin zen eta Vedruna Ikastetxeko DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleak izan ziren bertan.
Cigudosa kontseilariak “genero-berdintasunaren sustapenari heltzeko beharra” eta “STEM diziplinetako eta enpresa- eta berrikuntza-esparruetako arrakala iraunkorra” nabarmendu zituen. NUPeko ingeniaritzetan emakumeen matrikulazioa % 15 eta % 30 bitartekoa da eta, bestalde, 30 urtetik beherako emakumezko ikertzaileen kopurua % 2 jaitsi da 2023an. Atzoko jardunaldiaren bitartez, datu horiek iraultzeko “haziak erein” nahi izan dira.
Áurea Rodríguez Rovira Virgili Unibertsitateko irakasle elkartuak eta emaitzen transferentzian Europako Batzordeko aditu seniorrak “Antes muerta que analogica” hitzaldia eman zuen. Hitzaldi horretan, aditzera eman zuenez, “teknologiak ez du generorik”, nahiz eta “emakumeek Europako enpresa handienen % 10 soilik zuzentzen dituzten”. Adimen artifiziala aukerak zabaltzen eta arazoak sortzen ari den egungo munduan, Rodriguezek bere burua “feminista algoritmiko” gisa azaldu zuen, eta adimen artifiziala probatu eta ikasteko deia egin zien bertaratutako guztiei, alborapenak baititu eta “kristalezko sabaia bit-ezko sabaiarekin aldatzen baitu”.
Bestalde, Angela Bernardini Matematika Aplikatuan doktore eta Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroko Berrikuntza eta Transferentzia zuzendariak ere hitza hartu zuen. Arazo gisa identifikatu zuen STEM karrerei buruz hitz egiteko modua bera. “Batzuetan presio handia egiten dugu eta ez dugu animatzen, aukerak ziurtatu behar ditugu, baina bakoitzak nahi duena ikasi behar du”, adierazi zuen.
Bernardinik azaldu zuenez, mundu digitalak sinetsarazten digu “dena oso erraza dela, eta horrek zaildu egiten du esfortzua ulertzea”. Hori saiheste aldera, antolatzen ikastera bultzatu zuen, eta ziurtatu zuen “ikaslea antolatua bada, arrakasta izan dezake, zalantzarik gabe”.


