Skip to main content

Carlos López-Molina irakasleak eta Nafarroako erakunde akademikoko sei doktoregaik parte hartu dute Paestum-en egindako eskolan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Europako beste hiru unibertsitaterekin elkarlanean, doktoregoko ikasleentzat adimen artifizialari eta negozioen kudeaketan dituen aplikazioei buruzko udako eskola antolatu du Paestum-en (Italia). Ikasleak prestatzeko eta ikasleen artean kontaktuak eta sareak sortzeko diseinatutako ekitaldi akademiko horretan, Nafarroako erakunde akademikoaren aldetik parte hartu dute Carlos López-Molina Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak —bi hitzaldi eman zituen— eta sei doktoregaik.

Zehazki, honako doktoregai hauek dira: Mikel Ferrero Jaurrieta, Xabier González García, Iosu Rodríguez Martínez (Adimen Artifizialaren eta Arrazoibide Hurbilaren Ikerketa Taldeari atxikiak), Juan Pedro García Ortiz, Ander Goñi Medrano eta Juan Quizhpilema Cedeño (NUPeko Algebra eta Aplikazioen Taldeari atxikiak). Doktoregai horiek tesia NAIR Center-Navarra Artificial Intelligence Research zentroan egiten ari dira. NUPen ikerketa-egonaldiak egin dituzten Italiako Salernoko Unibertsitateko (UNISA) bi doktorego-ikaslerekin jardun dute: Matteo Carollo eta Fabio Gil Zuluaga.

Nazioarteko udako eskola

Udako eskola ekainean egin da, eta NUPek, UNISAk, Napoliko Parthenope Unibertsitateak (Italia) eta Nikosiako Unibertsitateak (Zipre) sustatu dute. Eskolak eman dituzten irakasleak lau erakunde horietakoak ziren, baita Italiako beste bi unibertsitatetakoak (Catanzaroko Magna Grecia Unibertsitatea eta Perugiako Unibertsitatea), Malaysiako Sunway Unibertsitatekoak eta Frantziako Kedge Business Schoolekoak ere.