Skip to main content

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gobernuak, Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroaren Fundazioaren (NAIR Center) bitartez, lankidetza-hitzarmena sinatu dute zerbitzu eta azpiegituren erabilera partekatua eta ikerketa bateratua sustatzeko, ezagutza transferitzeko eta adimen artifizialaren arloko talentua erakarri, prestatu eta garatzeko. Hitzarmen horren bidez, bi entitateek arlo horretan egiten dituzten jardueretan ahalik eta inpakturik handiena lortu nahi da.

Hala jaso da, hain zuzen, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak eta Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak sinatu berri duten hitzarmenean. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, baina luzatu ahal izango da.

“Hitzarmen horren bidez beste urrats bat egin da adimen artifizialaren ikerketaren arloan NUPen eta NAIR Centerren arteko elkarlana sendotzeko, eta, gainera, ezagutzaren transferentzia eta talentuaren garapena sustatuko da Foru Komunitate osoaren eta, oro har, aurrerapen zientifikoaren mesedetan”, aditzera eman du Nafarroako Gobernuak.

Oinarrizko alderdien artean, hitzarmen honek NUPeko eta NAIR Centerreko ikertzaileek ikerketa-proiektu eta -jardueretan elkarrekin parte hartzea arautzen du. Elkarlan hori errazte aldera, NUPeko ikertzaile laguntzaileen figura sortu da NAIR Centerren. Figura horrek unibertsitateko enplegatuaren izaerari eutsiko dio, baita aldez aurretik zituen irakaskuntza- eta ikerketa-betebeharrei ere. Horretarako, ekintza bateratuak sustatuko dira, NAIR Centerren parte har dezaten sustatzera begira.

NAIR Center barruan NUPeko ikertzaile laguntzaileak baimentzeko prozedurak ezartzen duenaren arabera, ikertzaile horiek zentroaren instalazioetan garatu ahal izango dute beren jarduera, ikerketa-proiektu edo -ildo espezifikoen barruan. Horretarako, NUPen baimena lortu beharko dute, eta NAIR Centerreko zuzendaritzak onartu beharko ditu, barne-araudiak eta -erregulazioak beteta.

 

Talentua erakarri, prestatu eta garatzea

Sinatutako lankidetza-hitzarmenak arautzen duen beste gaietako bat talentua erakarri, prestatu eta garatzea da. Ildo horretatik, NUPek eta NAIR Centerrek elkarrekin lan egingo dute adimen artifizialaren esparrura talentu berria erakarri eta prestatzeko. Era berean, gradu-amaierako eta master-amaierako lanak, industria-doktoregoko tesiak, ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak eta NAIR Centerren jarduera-arloekin lotutako bestelako jarduerak elkarrekin garatzea sustatuko da. Lan horiek bi entitateen instalazioetan egin ahal izango dira, xede horrekin izendatutako langileen zuzendaritzapean.

Bestalde, hitzarmenean arautzen da, halaber, NAIR Centerreko eta NUPeko langileek ikerketari laguntzeko zerbitzuak eta plataforma teknologikoak baliatu ahal izatea. Baliabideak optimizatze aldera, hitzarmenak ezartzen du bi entitateak tresna zientifiko-tekniko berezien erosketa koordinatzen saiatuko direla, egungo laborategietan eskuragarri dagoen tresneriaren osagarria izan dadin.

Ikerketa laguntzeko deialdi lehiakorrei erreparatuta, NUP eta NAIR Center lehentasunezko bazkide izango dira, NAIR Centerren jarduketa-ildoekin lotzen diren ikerketa-proiektu eta -kontratuetan.

Era berean, lankidetza-hitzarmena osatzen duten hamabi klausuletan, bi aldeek askotariko alderdiak arautzen dituzte, hala nola teknologia- eta ikerketa-eskaintza hedatzeko edo merkaturatzeko ekintzak, irudi korporatiboaren kudeaketa eta ikusgarritasuna eta jabetza industriala eta intelektuala.

Hitzarmena betetzen dela ziurta dadin, bi entitateetako ordezkariez osatutako jarraipen-batzordea eratzea erabaki da, batzorde misto paritario gisa jardungo duena. Batzorde horren ardura izango da etengabeko komunikazioari eustea eta laguntzaileei buruzko eta hitzarmenean jasotako beste jarduera batzuei buruzko informazio garrantzitsua partekatzea.

Iturria:  https://www.unavarra.es