Skip to main content

NAIR Centerrek, Nafarroako Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroak, adimen artifizialaren eta osasunaren elkargunean lankidetza berriak eta baterako proiektuak bilatzen ari diren datuen fusioaren eta ikaskuntza sakon bioinspiratuaren alorretako bi ikertzaile nabarmenen bisita jaso du urria eta azaroa artean.

Raúl Pérez Fernández irakasleak, Oviedoko Unibertsitateko ikertzaile eta ziurgabetasunaren modelizazioko eta erabakiaren teoriako adituak, lankidetza zabala eskaini du osasunari aplikatutako ikerketan, Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa (CIBER) eta Asturiasko Printzerriko Osasun Ikerketako Zentroa bezalako erakunde ospetsuekin lan eginez. Egin duen bisitaldian, datuen fusioko metodo aurreratuak arakatzea izan du helburu nagusitzat, bereziki garrantzitsuak baitira osasun-arloko aplikazioetan. Pérez Fernández NAIR Centerreko ikertzaileekin bildu da, elkarrekin lan zientifikoa egiteko, eta arlo horretan bertan diharduen bertako ikertzaile Ander Goñi Medranoren doktorego-tesiari aurrera egiten laguntzeko.

Bestalde, Università degli Studi di Salerno unibertsitateko irakasle Francesco Bardozzok «Connectomic Deep Learning: Re-thinking the Concept of Bioplausibility» gaiari buruzko hitzaldi bat eman zuen urrian. Biologian inspiratutako ikaskuntza sakoneko sistemen erronkak eta aukerak izan zituen hizpide hitzaldi horretan. Bardozzok nabarmendu zuen zein garrantzitsua den sare neuronal naturalen egitura eta portaera zehaztasun handiagoarekin emulatuko duten sistema konputazionalak garatzea, hori baita energia-kontsumoa murrizteko eta egungo ereduen efizientzia hobetzeko bidea. Egin zuen aurkezpenean, erreferentzia berezia egin zien Caenorhabditis elegans-en nerbio-sistemarekin egin zituen ikerketei. Izan ere, nematodo horren mapaketa osoari esker, eredu konputazional berritzaileak garatu ahal izan dira. Bere ikusmoldeak aukera berriak eskaintzen ditu adimen artifizialeko sistema konbentzionalen mugak gainditzeko eta ikaskuntza sakonaren esparruan etorkizun jasangarri eta eraginkorragorantz aurrera egiteko.

NAIR Centerrek aurrera jarraitzen du adimen artifizialaren berrikuntzarako topagune gisa posizionatzeko konpromisoarekin. Eginkizun horretan, goi-mailako ikertzaileekiko lankidetza sustatzen du eta osasunaren eta teknologiaren arloko egungo erronkei erantzungo dieten soluzioen garapena bultzatzen du. Bisita horrek urrats garrantzitsua egin du Nafarroan ikerketa-metodologia berriak integratzeko bidean, eta eskualdea lider gisa posizionatu du osasun-sektoreari aplikatutako adimen artifizialeko teknologien aurrerabidean.

 

NAIR Centerri buruz

NAIR Center, Nafarroako Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroa, adimen artifizialaren (AA) eta datu-ingeniaritzaren arloko ikerketa oinarrizkoa eta aplikatua sustatzea ardatz duen erakundea da. 2022. urtean Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez sortua, NAIR Center lider gisa posizionatu da gizartearen eta industriaren onerako adimen artifizialaren aplikazioan, eta bikaintasunarekin konprometituta dago teknologia aurreratuak erabiliz gaur egungo erronkei aurre egiteko soluzio praktikoak ikertzeko eta garatzeko eginkizunean. Bere helburu nagusien artean aipa daitezke, besteak beste, adimen artifizialaren eta datuen teknologian kalitate handiko ikerketa sustatzea, enpresei eta gizarteari ezagutzak helaraztea, SINAI Nafarroako I+G+B Sisteman eta eskualdeko enpresetan adimen artifizialaren erabilera sustatzea lehiakortasuna bultzatzeko, adimen artifizialaren arloko ikerketa akademikoa eta aplikatua babestea, balio handiko enpleguen sorrera sustatzea, eta I+G+Baren garapen orokorrean laguntzea, Nafarroan eta inguruko eskualdeetan enpresa teknologiko berriak eta ikerketa-zentroak sustatzearen bidez.