NAIR Centerrek aktiboki parte hartu du University of Cambridge-n uztailaren 6tik 11ra bitartean egin zen “Third Doctoral Summer School in Data Science, Accounting and Management” diziplinarteko programa trinkoaren antolaketan. Eskolak Europako erakunde akademikoetako adimen artifizialaren arloko ikertzaileak eta adituak bildu ditu, adimen artifiziala, besteak beste, biomedikuntza, ekonomia, politika- eta gizarte-zientziak edo segurtasun globala bezalako arloetan erabiltzearen aukerak, arriskuak eta erronkak analizatzeko asmoz.
NAIR Centerrek Marisol Gómez Fernández zuzendari zientifikoa eta Juan Quizhpilema Cedeño eta Paula Vidaurreta Apesteguía doktoregaiak izan ditu ordezkari. Izan ere, Wolfson College-n eta University of Cambridge-ko Department of Computer Science-n egin diren saioetan, hitzaldietan eta networking-jardueretan parte hartu dute.
Marisolek hitzaldi bat eman zuen Summer School jardunaldiaren programaren barruan, “Explainable AI: How Regulations Meet Reality, and vice versa” izenburupean. Hitzaldi horretan, adimen artifizial esplikagarriaren (XAI) garapen eta aplikazioaren errealitate praktikoaren eta araudien arteko noranzko biko erlazioa izan zuen aztergai. Aztertu zuen erregulazioek nola baldintzatzen duten sistema horien diseinua eta erabilera, eta, aldi berean, teknologiaren muga eta aukera errealek zer-nolako eragina duten araudi horiek planteatzeko moduan.
Programan hainbat espezialistak esku hartu dute. Horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Pietro Liò (University of Cambridge), Mona Isazad Mashinchi (University of Galway), Theo Lynn (Dublin City University), Roberto Tagliaferri (Universitá di Salerno), eta Nicola Palladino (Universitá di Salerno).
Esperientzia hori aukera ezin hobea izan da ezagutza partekatzeko, nazioarteko konexioak sortzeko eta NAIR Centerrek adimen artifizialaren arloko ikerketa kritiko, arduratsu eta diziplina anitzekoarekin duen konpromisoa berresteko.








