Skip to main content

Iruñea “adimen artifizialari buruzko eztabaidaren epizentroa” izango da maiatzaren 6an, panorama nazionaleko ahots gailenak bilduko dituen Adimen Artifizialari buruzko Biltzar Nazionala egingo da-eta.

 

Nafarroako Gobernuak aurrera egiten du adimen artifiziala osasunaren, industriaren eta herritarrentzako arretaren arloetan aplikatzeko eginkizunean, Nafarroa 2030 Estrategia Digitalaren esparruan.

Erroldatze-ziurtagiria eskatzeko laguntzaile birtualak edo txatbotak erabiltzea, osasun-sistema publikoan erretinopatia diabetikoa bezalako gaixotasunak goiz detektatzea edo enpresei adimen artifizialeko soluzioak inplementatzen laguntzeko NavIA Lab S4 Adimen Artifizialeko Laborategia abian jartzea, Foru Gobernuak azken urteotan abiarazi dituen jarduketa-ildoetako batzuk baino ez dira.

Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari Félix Tabernak gaurko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, “Nafarroako Gobernua adimen artifizialaren garapenarekin konprometituta dago, iraultza handia da-eta”. “Sektore publikoak adimen artifiziala hartzea bultzatu behar du, herritarrentzako zerbitzu-prestazioa hobetzea dakarrelako ez ezik, sektore pribatuan egingo diren aurrerapenen katalizatzaile eta adibide izango delako ere. Funtsezkoa da teknologia horien onurak herritarrengana irits daitezen sustatzea”. Gainera, azpimarratu duenez, “adimen artifiziala baikortasunez hautematen da, baina nolabaiteko kezkarekin. Herritarren % 60k uste dute adimen artifizialak bizimodua erraztuko diela. Baina % 50i urduritasuna sortzen diete adimen artifiziala erabiltzen duten produktuek”.

Félix Tabernak agerraldia egin du, Analisi eta Prospekzio Bulegoak Nafarroako Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroarekin (NAIR Center) lankidetzan egin duen adimen artifizialaren ezarpenak Europako herrialde nagusietan eta Nafarroako sektore publikoan izan duen inpaktuari buruzko analisiaren ondorioak aurkezteko. Gogorarazi beharra dago ikerketa hori Foru Parlamentuaren mandatuz egiten dela. Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusi Josean Vizcayk, Analisi eta Prospekzio Bulegoko zuzendari gerente Rubén Auzak eta NAIR Centerreko zuzendari gerente Gorka Garciak ere prentsaurrekoan parte hartu dute.

Nafarroako Gobernuak aurrera egiten du, horrela, adimen artifizialak sektore publikoaren kudeaketa hobetzeko eskaintzen dituen aukera berriak aplikatzeko moduari buruzko analisi-prozesuan. Abiapuntutzat hartzen da hartuko den edozein neurrik gizarte-ongizatea eta ekitatea areagotzera bideratuta egon behar duela, eta, gainera, herritarren eskubide digitalak zorrotz errespetatuz egin behar dela. Adimen artifizialarekin gara litezkeen hobekuntzen artean, prozesuen automatizazioa, baliabideen optimizazioa, etorkizuneko aurreikuspenen hobekuntza edo erabaki onak hartzea nabarmendu daitezke, datu masiboen (Big Data) maneiua aprobetxatzen dute-eta. Epe laburrean aurreikusten denez, hezkuntza, I+G, garraioak eta komunikazioak bezalako arloak adimen artifiziala inplementatzeko espazio berriak izango dira.

Agerraldi horretan bertan, lehendakariorde Tabernak iragarri du, gainera, Iruñea “adimen artifizialari buruzko eztabaidaren epizentroa” izango da datorren maiatzaren 6an, panorama nazionaleko ahots gailenetako batzuk ‘Teknologia pertsonen zerbitzuan’ lelopean bilduko dituen Adimen Artifizialari buruzko Biltzar Nazionala egingo da-eta.

Gaur aurkeztu den azterlanaren xehetasuna

Gaur aurkeztu den azterlanaren lehen fasea Europako zenbait herrialdetan (Alemania, Erresuma Batua, Herbehereak, Frantzia eta Espainia) bizi den egoera eta hartu diren jardunbideak konparatzea ardatz izan duen zaintza estrategikoari dagokiona izan da. Txosten horri esker osotasunean ulertu ahal izan da adimen artifiziala nola eraldatzen ari den zenbait testuinguru ekonomiko, publiko eta sozial, eta Nafarroarako erreferentzia izan daitezkeen jardunbide egokiak eta alderdi kritikoak identifikatu ahal izan dira.

Azterlanaren bigarren fasea berariaz bideratu da Nafarroako Foru Komunitatearen esparru publikora, Nafarroako Gobernuko departamentuetan, udaletan, mankomunitateetan, partzuergoetan, enpresa eta sozietate publikoetan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UNED) hautatutako funtsezko 59 eragileri egindako panel-inkesta baten bidez.

Nafarroako Soziologia eta Politologia Elkargoak (COLSOCPONA) egindako inkesta horrek nabarmentzen du adimen artifizialari buruzko ezagutza “moderatua edo txikia” dela (inkestatuen % 78k adierazi dute maila hori). Ezagutza-maila oraindik urri horrek ez du baldintzatu haren erabilera hedatzea. Izan ere, elkarrizketatuen % 50ek adierazi dute adimen artifiziala Foru Komunitateko sektore publikoaren esparruan erabiltzen ari dela. Ildo horretan, orain arte gai horri buruzko prestakuntza nagusiki autodidakta izan da (hala adierazi dute hamarretik seik).

Azterlanaren arabera, adimen artifiziala duela gutxi hasi da baliabide gisa erabiltzen: erabiltzen duten inkestatuen % 85ek baino gehiagok adierazi dute bi urte baino gutxiago daramatela erabiltzen. Beren laneko erantzukizun-arloan adimen artifiziala oraindik erabiltzen ari ez direla adierazten dutenen artean, bitik bat etorkizun hurbilean sartzea planteatzen ari da.

Kezka dago pribatutasunari, segurtasunari eta adimen artifizialen emaitzek erakusten dituzten joerei buruz, eta oro har uste da egungo erregulazioa ez dela nahikoa arrisku horiek kudeatzeko. Sektore publikoan adimen artifiziala erabili duten hamarretik zazpik datuen pribatutasunari buruzko kezkak izan dituzte erabiltzean, seik adierazi dute erronka etikoak izan dituztela, eta bostek uste dute egungo erregulazioa ez dela egokia.

Kontsulta egin zaienen % 90en iritziz, behar-beharrezkoa da enplegatu publikoak adimen artifiziala erabiltzeko trebatzea. Adierazi dute esparru horretara zuzendutako prestakuntzak agertzen ari direla (hirutik batek adierazi du bere departamentuan edo sozietate publikoan dagoeneko egin direla prestakuntza espezifikoak).

Zerbitzu publikoen efizientzia eta kalitatea hobetzeko funtsezko tresnatzat jotzen dute adimen artifiziala. % 85en iritziz, etorkizuneko erronkei aurre egiteko abantaila izango da. Zerbitzu publikoetan egingarriagotzat jotzen da adimen artifiziala esparru jakin batzuetan ezartzea, hala nola osasunean eta hezkuntzan (erantzunen % 50ean adierazi dira), eta garraioan eta I+Gko programetan (inkestatuen % 40k adierazi dituzte).

Adimen artifiziala Nafarroako sektore publikoan

  1. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuko departamentuek eta sozietate publikoek hainbat ekintza sustatzen dituzte adimen artifiziala bai esparru publikoan bai enpresa-ekosisteman txertatzeko.

Horien artean nabarmentzen da 2022an NAIR Center bera sortu izana, Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroa, produkzio-ehunaren lehiakortasuna hobetzeko eta Foru Komunitatea esparru horretako erreferente bihurtzeko pentsatua. Zentro horrek lankidetza estuan lan egiten du IRIS Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloarekin zenbait arlo estrategiko garatzeko, hala nola datuen prozesamendu adimenduna, ikaskuntza automatikoa, adimen artifizial disruptiboa, eta adimen artifizialaren eta gizartearen arteko interakzioa.

Osasunaren esparruan, osasun-sistema publikoan dagoeneko erabiltzen ari dira diagnostikorako laguntza-tresna batzuk, betiere osasun-arloko profesionalek prozesu osoa gainbegiratuta, adibidez erretinopatia diabetikoen detekzio goiztiarraren kasuan.

Gizarte-esparruan, Nafarroako Gobernua aplikazioak eta ikuspegiak arakatzen ari da arreta soziosanitarioaren arloan adimen artifizialaren erabilera optimizatzeko, VidAAs zentroarekin eta NAIR Centerrekin lankidetzan.

Administrazio-arloan, egituratu gabeko datuak erauzteko tresnak erabiltzen hasi dira dagoeneko, datu-bolumen handiak maneiatzea eskatzen duten laguntzak kudeatzeko, baita laguntzaile birtualak edo txatbotak ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira Foru Gobernuko herritarren arretarako hainbat zerbitzutan berriki txertatutakoak edo Nafarroako Artxibo Nagusian gida birtual gisa jarduten duten tamaina errealeko bi abatarrak, ‘Archibaldo’ eta ‘Archibalda’ izenekoak. Zeregin administratiboetan eman beharreko denbora murrizten duten testuak sortzeko tresnak ere erabiltzen dira.

2024ko Urrian, Nafarroako Gobernuak Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bitartez abiarazi zuen NavIA Lab S4 Adimen Artifizialeko Laborategiaren lehen edizioa, adimen artifizialaren arloko prestakuntza praktikoa, laguntza eta enpresaren prozesu zehatzetarako soluzioen inplementazioa biltzen dituen ekitaldia.

Prestakuntzari dagokionez, Nafar Lansare – Nafarroako Enplegu Zerbitzua hainbat ikastaro eskaintzen ari da konpetentzia digitalak zenbait mailatan ahalbidetzeko. Horien artean, nabarmentzekoak dira adimen artifizialean, produktibitatea hobetzeko adimen artifizial sortzailean, ChatGPT, Gemini edo Copiloten trebetasun aurreratuak eskuratzera bideratutakoak.

2024ko apirilean, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ‘Herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko adimen artifiziala’ errekonozimendua jaso zuen, adimen artifizialez lagundutako plataforma baten bitartez lurraldean konpetentzia digitalak indartzea eta inklusio teknologikoa sustatzea ahalbidetu duen proiektu batengatik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionez, 2024ko urrian Tracasa sozietate publikoarekin lankidetzan sustatu zuen Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedra. Gainera, 2025-2026 ikasturterako Machine Learningeko Unibertsitate Masterraren lehen kurtsoa aurreikusita dago.

Adimen Artifizialari buruzko Biltzar Nazionala Iruñean datorren maiatzaren 6an

Adimen Artifizialari buruzko Biltzar Nazionala, NAIR Centerrek Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatua, Datorren maiatzaren 6an Iruñean egingo dena, gogoeta plurala, etikoa eta estrategikoa sustatzeko helburuarekin bultzatzen da: nola eraiki berrikuntza ekarri ez ezik, balio soziala sortu, eskubideak babestu eta gizarte justu eta inklusiboagoa lortzen lagunduko duen adimen artifiziala.

Ekimen horren bidez, Nafarroak ezinbestekotzat jotzen duen elkarrizketa planteatzen du, adimen artifizialak gizartean betetzen duen eginkizunari buruz hausnartzeko, ez berezko helburu gisa ulertuta, pertsonen bizitza hobetzeko tresna gisa baizik.

Ekitaldian izango dira lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari Félix Taberna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Luis García eta NAIR Centerreko zuzendari gerente Gorka García.

Goizez, European Social Network erakundeko zuzendari exekutibo Alfonso Larak esku hartuko du jardunaldian; adimen artifizialak gizarte-zerbitzuetan, hezkuntzan, osasunean edo enpleguan duen inpaktuari buruzko osoko ikuspegia eskainiko du. Ondoren, hainbat espezialistak parte hartuko duten zenbait mahai-inguru eta elkarrizketa egingo dira. Han izango dira, besteak beste, Mercedes Siles Molina, matematikaria eta ANECAko zuzendari ohia; Ulises Cortés, katedraduna eta adimen artifizialeko ikertzailea Barcelona Supercomputing Centerren; Pilar León Sanz, Medikuntzaren Historiako katedraduna; Margarita Castilla Barea katedraduna; eta Jaime García Cantero, Retinako zuzendaria PRISA Median.

Arratsaldez, biltzarrak berriz ekingo dio jarduerari adimen artifizialaren erabilera-kasu errealak aztergai izango dituen mahai-inguru batekin. Hainbat parte-hartzaile izango ditu: Alicia Asín, Libelium-eko CEOa; Mar Pereira, Galiziako Xuntako Nazioarteko eta Landa Sustapen Adimenduneko zuzendariorde nagusia; eta Marisol Gómez, Aljebrako katedraduna eta NAIR Centerreko zuzendari zientifikoa.

Esteka interesgarriak