Skip to main content

Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak Nafarroako Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroa (NAIR Center) aurkeztu du gaur goizean. Foru Komunitatea arlo horretan erreferentziazko lurralde bihurtzeko asmoz sortu da zentroa.

NAIR Center adimen artifizialean espezializatuko zentroa, berez, ikerketa- eta teknologia-zentroetako ikerketa aplikatuaren eta unibertsitateetako oinarrizko ikerketaren artean kokatzen da. Era berean, enpresen premiekin bat dator, Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloarekin (IRIS) duen loturari esker; izatez, harekin batera kokatuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) El Sario eraikinean.

Cigudosa kontseilariak zentro berri horren garrantzia nabarmendu du, Foru Gobernuak adimen artifizialaren alde egindako apustuaren parte den heinean. “Helburua da algoritmoak ikertzea eta adimen artifizialean oinarritutako soluzio teknologikoak toki-mailan eta maila globalean eskaintzea”, adierazi du. Era berean, kontseilariak proiektu hori behar bezala garatzeko lankidetza publiko-pribatua balioetsi du, baita arlo horretan talentua erakartzeko beharra ere, “Nafarroa adimen artifizialaren esparruan kalitatezko hub gisa sendotu dadin”.

Bestalde, Gorka García NAIR Centerreko gerenteak aditzera eman du zentroak funtsezko eginkizuna betetzen duela Nafarroako adimen artifizialaren leihatila bakar gisa, eta Nafarroako entitate eta enpresetan dauden jakintza-arloak osatu eta indartzen dituela. “Lankidetza-hitzarmenak formalizatzen ari dira zenbait entitaterekin, eta proiektuen deialdietan bazkide gisa parte hartzen ari da”, adierazi du.

Aurkezpenean Ana Burusco Unibertsitateko zuzendari nagusiak eta Humberto Bustince NAIR Centerreko zuzendari zientifikoak ere parte hartu dute.

Ikerketa-ildo nagusiak

Nafarroako Adimen Artifizialeko Ikerketa Zentroa (NAIR Center) arlo espezifikoak ikertzera bideratuko da, nazioartean izen handia duten ikertzaileek eta ikertzaile gazteagoek osatutako taldeen bidez. Ildo horretan, Humberto Bustince zentroko zuzendari zientifikoak zentroan lantzen ari diren hiru ikerketa-ildo nagusi zehaztu ditu.

Lehen ikerketa-ildoak neurozientzia konputazionala du oinarri. Helburua da adimen artifiziala erabiltzeko gai diren prozesuak garatzea, eta horien bidez nerbio-sistemaren garapena, egitura, fisiologia eta gaitasun kognitiboak gidatzen dituzten printzipioak ulertzea. Ezagutza horiekin, teknika eta prozedura artifizialak aplikatu nahi dira.

Bigarren ikerketa-ildoak adimen artifizial disruptiboa du oinarri. Haren helburua da paradigma-aldaketa zientifiko eta ekonomikoak eragiteko potentzial handia duten arazo espezifikoei heltzea. Esaterako, nutriziorako edo moldatze-erradioterapiarako proteina pertsonalizatuak diseinatzea.

Azkenik, hirugarren ikerketa-ildoa oinarrizko ikerketa aplikatuarekin lotzen da. Adimen artifizialeko tekniketan eta metodoetan esku hartzen duten prozesuetan informazio-fusioa hobetzeko eta efizienteago egiteko bestelako metodoak garatzea du helburu. Ikerketa-ildo horrek aztergai ditu, halaber, makinei modu autonomoan ikasteko aukera ematen dieten teknikak eta, eskura dauden datuetatik eta informaziotik abiatuta, zenbait arazotarako soluzioak garatzeko aukera ematen dieten teknikak, betiere ikaskuntza sakoneko teknikak erabilita (Deep Learning).

Sortu zenetik egindako urratsak

2020ko ekainean, Nafarroako Parlamentuak adimen artifizialeko ikerketa-zentroa sortzea eskatu zuen. Nafarroako Gobernuak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari esleitu zion enkargua, zehazki Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari, unibertsitateek zeregin erabakigarria betetzen baitute arlo horretan.

Azken urtean, Nafarroako Gobernuak aurrera egin du zentroa sortzeko lanean, eta haren gobernantza- eta negozio-eredua ezarri ditu eta harreman estrategikoak definitu. Hautaketa-prozesu baten bidez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak Gorka García industria-ingeniaria hautatu zuen zentroko gerente, eta Humberto Bustince Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna zuzendari zientifiko.

2023 urtearen hasieran, modu ofizialean eratu zen zentroa, eta zentroaren patronatuan ordezkaritza izango du Nafarroako Gobernuak. Zentroa entitate berezi gisa akreditatu dute Nafarroako I+G+B Sistemaren (SINAI) barruan. Eragile horien elkarlanari esker, adimen artifizialaren arloko ezagutza herritarrei, oro har, helaraziko zaie, haien mesederako.

Iturria:  https://www.navarra.es