Skip to main content

Sortu zenetik, ikerketa-zentro horren lantaldea hirukoiztu da, eta % 66 handitu da Foru Gobernuak bideratutako aurrekontua

Nafarroako Gobernuak berretsi egin du berrikuntza teknologikoarekin duen konpromisoa, NAIR CENTER adimen artifizialari buruzko ikerketa-zentroa sustatzearekin. Orain urtebete inauguratu zenetik, zentroa nabarmen hazi da, eta 11 proiektu, 5 lankidetza-hitzarmen eta erakunde, enpresa eta profesionalei zuzendutako 9 zerbitzuko zorroa du.

Patricia Fanlo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak, Gorka García NAIR Centerreko zuzendari gerenteak eta Marisol Gómez zuzendari zientifikoak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Nafarroako Jauregian, eta bertan zentroaren lorpenak nabarmendu dituzte eta zentroaren plan estrategikoa zehaztu dute eta etorkizuneko ikerketa-ildo batzuk aurreratu.

Fanlo kontseilariak nabarmendu du aurrekontua % 66 handitu dela aurreko urtearekin alderatuta, eta milioi erdi eurora iritsi dela; “horrek agerian uzten du Foru Gobernuak konpromiso irmoa duela ekimen horrekin”. Era berean, “NAIR Centerren garapenerako funtsezko faktore gisa, kualifikazio handiko giza talentua sartzearen garrantzia” nabarmendu du.

Ildo horretan, Gorka García zuzendari gerenteak adierazi duenez, “zentroak duela urtebete zuen langile kopurua hirukoiztu da, eta laster hamar pertsonara iristea espero da”. Era berean, adierazi duenez, “NAIR Centerrek zenbait ikerketa-proiektu ditu, eta jarduera ekonomikoari ekin dio, organismo publikoei eta pribatuei hainbat zerbitzu eskainita”.

Hain zuzen ere, NAIR Centerren ikerketa aldatu da eta adimen artifizialaren esparruan gertatzen ari diren etengabeko aldaketara egokitu da. Horretarako, zentroaren ikerketa-arloak eta -ildoak zabaldu eta aldatu ditu, teknologia horren alderdi tekniko, etiko, sozial eta ekonomikoei heltze aldera.

Zentroa adimen artifizialean oinarritutako algoritmoen eta soluzio teknologikoen ikerketaren arloko erreferente gisa finkatu da, betiere ikuspegi globalarekin baina Foru Komunitatean errotuta. Sortu zenetik, NAIR Center modu estuan aritu da elkarlanean Nafarroako Gobernuarekin eta funtsezko beste eragile batzuekin, zenbait sektoretan adimen artifizialaren erabilera etiko eta eraginkorra sustatu dadin, funtsezko beste alderdi batzuen artean.

 

Lau ikerketa-arlo nabarmentzen dira

Onartu berri den NAIR Centerren plan estrategikoak gizartean eta industrian eragin positiboa sortzeko potentziala duten lau ikerketa-arlo nagusi ditu ardatz: datuen analisi adimenduna; ikaskuntza automatikoa; adimen artifizial disruptiboa eta gizartean duen eragina; eta adimen artifizial esplikatiboa.

Marisol Gómez zuzendari zientifikoak nabarmendu duenez, “ikerketa-proiektuetan aurrerapen adierazgarriak egin dira, neurozientzia konputazionaleko datuen analisitik hasi eta NUPen Campus Green proiektuaren bidez abian jarritako kontsumo energetikoaren optimizazioa indartzeko ikaskuntza-algoritmoen aplikaziora arte”. Gainera, NAIR Centerrek punta-puntako ekimen berritzaileetan parte hartzen du, hala nola neuromarketinean —kontsumitzaileen portaera iragartzera bideratzen dena— eta komunikazio kuantikoan, “abangoardiako erronka teknologikoei heltzeko gaitasuna erakutsita”.

 

Lankidetza publiko-pribatua funtsezko zutabe gisa

Era berean, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana funtsezko zutabea izan da NAIR Centerren estrategian. Lankidetza-hitzarmenak sinatu dira, hala nola Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (NUP), eta, hitzarmen horiei esker, izen handiko ikertzaileek inpaktu handiko proiektuetan elkarlan estuan jardun dute zentroko langileekin.

Horrez gain, NAIR Center baliagarria da adimen artifiziala enpresen berrikuntzarako eta hazkunderako eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi dituzten enpresentzako topagune gisa. Horrela, Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloan integratzeak —adimen artifizialaren arloko koordinatzaile gisa— esparru horretan zentroak betetzen duen lidergoa indartzen du, eta Nafarroako I+G+B sistemaren (SINAI) entitate berezi gisa finkatzeak eskualdean garapen teknologikoa bultzatzera bideratutako ikuspegia eskaintzen du.

NAIR Centerren garapena eta bultzada funtsezko urratsa da adimen artifizialak Nafarroan aurrera egin dezan, eta garapen eta bultzada hori indartu egiten da Foru Gobernuaren babesari esker, lantaldea finkatua izateari esker, eta zentroaren ikuspegi estrategikoari esker. Izatez, zentroaren xedea da adimen artifizialaren ikerketa eta aplikazioa bultzatzea eta koordinatzea, gizarte osoaren mesederako.