Skip to main content

Gaur, apirilaren 15a, astelehena, Adimen Artifizialaren Dekalogoa aurkeztu da, Nafarroako adimen artifizialaren estrategiaren barruan. Dekalogoa ATANAk landu du, Sodena, IRIS Navarra (Berrikuntza Digitaleko Poloa), Nair Center (Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroa) eta CyC eraldaketa digitaleko proiektuetan espezializatutako enpresa teknologikoarekin batera.

Dokumentu honen helburua da ikuspegi praktiko eta argia eskaintzea adimen artifizialaren munduan sartu nahi duten enpresei. Aukeren identifikaziotik hasi eta adimen artifizialeko soluzioen inplementazio eraginkorreraino, dekalogoa diseinatu da enpresei adimen artifizialaren unibertsoan zeharreko bidaian laguntzeko.

NAIR Centerrek zeregin garrantzitsua bete du lan hau lantzeko garaian, ikerketa eta informazio-bilketatik hasi eta dokumentua idatzi eta diseinatzera, bai PDF bertsioan, bai online bertsioan.

ATANAren egoitzan egin den ekitaldian, honako gai hauek jorratu dira: ekintza-plana; kronograma; adimen artifizialaren estrategiaren erronkak eta betetze-maila Foru Komunitatean; estrategia hori S4 estrategian txertatzea; dekalogoa lantzeko erabilitako irizpide teknikoak; eta, azkenik, lana ezagutarazteko hedapen-plana. Horrez gain, bertaratu diren enpresek adimen artifizialaren inguruan duten esperientzia profesionala partekatzeko aukera izan dute, baita haien kezkak, erronkak edo beharrak ere.

Saioan 20 parte-hartzaile bildu dira Sodena, Nair Center, Atana, CyC, Imeanticipa, Nafarco, Mutua Navarra, Aranzadi, Animsa, Arete Activa, Navarraweb, iAR eta Atecna Gestión Documentalen ordezkaritzan.