Skip to main content

600 entitate inguruk jaso dituzte aurten Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloak (IRIS) eskaintzen dituen zerbitzuak. Poloaren katalogoan daude, besteak beste, enpresa txiki eta ertainak bizkortzeko bulegoa, Datuen Zientziaren Laborategia eta Eraldaketa Digital Turistikoa. Bestalde, 40 entitatek 48 zerbitzu homologatu dituzte, eta guztira 156 dira Poloan barne hartzen diren zerbitzu berriak.

Horiek dira gaur goizean Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloaren (IRIS) Zuzendaritza Batzordearen eta Osoko Bilkuraren bileran aurkeztutako kopuruetako batzuk. Patricia Fanlo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak ireki du bilera.

Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloa, IRIS, partzuergo publiko-pribatua da, Nafarroako Gobernua buru eta sustatzaile duena. Nafarroako berrikuntza-ekosistemako eragile garrantzitsuenek parte hartzen dute, barnean direla SINAI Nafarroako I+G+B Sistemako eragileak, hala nola unibertsitateak, teknologia- eta ikerketa-zentroak, informazioaren eta komunikazioaren teknologien hornitzaileak, elkargo profesionalak, enpresa-elkarteak eta sektore-klusterrak.

Fanlo eta Irujo kontseilarien hitzak

Fanlo kontseilariak nabarmendu duenez, “poloak funtsezko eginkizuna betetzen du giltzarri diren gaiak bultzatzen dituen Gobernuaren lankidetza-tresna gisa. Horretarako, talentu teknologikoa sortu eta aplikatzearen bidez lurraldea indartzeko zereginean oinarritzen da”. Bide beretik, Fanlok adierazi duenez, “elkarrekin lan egin behar da, enpresek, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta beste entitate batzuek Nafarroako eraldaketa digitala bizkortzen lagun dezaten”.

Horrez gain, kontseilariak Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin (S4) bat datozen arlo espezifikoak nabarmendu ditu, eta zenbait funtsezko proiektu aipatu ditu, hala nola ‘Navarra Cibersecurity Center’ eta ‘Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroa’ (NAIR Center). “Berrikuntza Digitaleko Poloaren helburuak izan behar du teknologian espezializatutako sarea garatzea eta, horrela, berrikuntza indartzea eta lurralde horretara inbertsioa eta talentua erakartzea. Palo Alto (Kalifornia) gisako gunea izan behar dugu nazioaren barruan”, erantsi du.

Irekiera ekitaldian Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak ere parte hartu du, eta saio horretan Poloko lehendakariorde bihurtu da, bertaratutako guztiek, IRIS osatzen duten 37 entitate publiko-pribatuetako ordezkariek, aho batez erabakita.

Ildo horretan, Irujo kontseilariak berretsi du Nafarroa eskualde berritzaileenen artean dagoela. “Berrikuntza Digitaleko Poloa (IRIS) sortzearekin, beste urrats bat egin dugu eta Nafarroako enpresa-sareari eraldaketa digitalean laguntzeko dugun konpromisoa indartu dugu”, eman du aditzera.

“Poloa funtsezkoa izaten ari da inplikatutako eragile guztien ahaleginak bateratzeko: enpresa handi eta txikiena, unibertsitateena, entitateena eta gizarteko pertsona guztiena. Gaur egun, 576 enpresak baliatzen dituzte zerbitzuak, eta poloan 156 zerbitzu txertatu dira. Poloa da komunitate gisa erdietsi behar dugun metamorfosi digitala lortzeko erreferentzia-puntua”, nabarmendu du.

Bestalde, Delia Sola S4ko eta Ekintzailetzako Proiektu Estrategikoen Zerbitzuko zuzendariak El Sario eraikineko 4. solairua egokitzeko obretan egin diren aurrerapenak aurkeztu ditu —datorren urteko apiriletik aurrera Poloaren egoitza fisikoa izango da—.Solak, halaber, instalazio horietan bertan kokatuko den ekipamenduaren transferentzia-egoeraren xehetasunak eman ditu.

Era berean, Zuzendaritza Batzordeak eta Osoko Bilkurak, Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloaren lehendakariordetzaren figuraren sorrera ez ezik (Mikel Irujo hautatu dute), Nafarroako Gobernuko CNAI enpresa publikoa IRISari atxikitzea ere onartu dute. Enpresa horrek Nafarroako gizarte osoarentzako prestakuntza-ekintzak garatzen ditu, hiru jarduketa-ardatzetan oinarrituta: digitalizazioa, hizkuntzak eta enplegurako prestakuntza. Poloaren Plan Estrategikoa ere azaldu eta onartu dute topaketan.

Ion Arrizabalaga Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloaren koordinatzaileak Poloaren plan estrategikoaren aginte-koadroan —bilera horretan berrikusi dute— jasotako IRISen emaitzak aurkeztu ditu. Datu horiekin batera, Poloko eragile guztiek erakutsitako konpromisoa nabarmendu du. Azkenik, Zuzendaritza Batzordeari eta Osoko Bilkurari 2024ko lehen hiruhilekoan ekin beharreko ekintzen berri eman zaie.

Entitate parte-hartzaileak

Poloa 38 entitate publiko-pribatuk osatzen dute: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Fundación I+D Automoción y Mecatrónica (NAITEC), Nafarroako Industriaren Elkartea (AIN), Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC), Asociación Navarra de Informática Municipal (ANIMSA), ADItech fundazioa (ADItech), Nafarroako Unibertsitatea, Lurederra zentro teknologikoa (Lurederra), Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER), Elikagaien Teknologiaren eta Segurtasunaren Zentro Nazionala (CNTA), Nafarroako Teknologien eta Nekazaritzako Elikagaien Azpiegituren Institutua (INTIA), Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC), Navarra Biomed, Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroa (CIMA), Nafarroako Atana-Clúster TIC (ATANA), Nafarroako energia berriztagarrien klusterra (Enercluster), Nafarroako automobilgintzako klusterra (ACAN), Nafarroako nekazaritzako elikagaien klusterra (Nagrifood), Navarra Health Cluster (NHC), Eraikuntzarako industrializazioaren klusterra (iCONS), NAIR Center, Nafarroako ikus-entzunezkoen klusterra (CLAVNA), inprimatze funtzional eta gehigarriko klusterra (Functional Print Cluster), Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera, (Merkataritza Ganbera), Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa (CEN), Sakanako garapen-agentzia (Dinabide), Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Nafarroako Graduatu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargoa (CITI), Telekomunikazioko Ingeniarien Elkargo Ofiziala (COIT), Trabajos Catastrales SA, Tracasa, Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra SL (CEIN), Sociedad de Desarrollo de Navarra SL (SODENA), eta sartu berri den Nafarroako Ikaskuntza Integraleko Zentroa (CNAI).

Fuente: https://www.navarra.es