Nazioarteko topaketa horren gai nagusia adimen artifizialaren eta negozioen kudeaketaren arteko erlazioa izan zen
Ander Goñi Medrano eta Juan Pedro García Ortiz ikertzaileek Nafarroako Kutxa Fundazioaren beka bat dute
Haien ikerketa-lanek neurozientzia konputazionala eta datuen fusio adimenduna dituzte aztergai
Iruñea, 2024ko uztailaren 16a.- Ander Goñi Medrano eta Juan Pedro García Ortiz, Nafarroako Kutxa Fundazioaren beka jaso duten NAIR Centerreko (Nafarroako Adimen Artifizialaren Nazioarteko Ikerketa Zentroa) ikertzaileak, Salernoko Unibertsitateak antolatutako udako eskola batean izan dira duela gutxi. Topaketaren gai nagusia adimen artifizialaren eta negozioen kudeaketaren arteko erlazioa izan zen.
International Doctoral Summer School on Artificial Intelligence, Big Data & Management (IDSS-SouthernItaly 2024) udako eskola hori Salernoko Unibertsitateak, Napolesko Parthenope Unibertsitateak, Nikosiako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dute. Bost eguneko ikastaro trinkoan, ikertzaileek adimen artifizialaren azken aurrerapenei buruzko prestakuntza jaso dute nazioarteko esparruko adituen eskutik. Zenbait herrialdetako —hala nola Zipre, Kanada, Espainia edo Italia— berrogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute ikastaroan.
Ander Goñi Medranok, sortzez Nafarroakoak, Matematikako gradua eta Matematika Aurreratuko masterra du. Ikaskuntza automatikoko problema orokorretan aplikatzeko datuen fusioko metodo berriei buruzko tesia garatzen ari da. Bestalde, Juan Pedro García Ortiz, sortzez Murtziakoa, Bioteknologiako graduduna da eta bi master ditu: Neurozientzia Oinarrizko eta Aplikatuan bata eta Bioinformatikan bestea. Istripu zerebrobaskularrak izan dituzten pertsonengan jarduera neurologikoaren patroiak identifikatzeko eta neurorrehabilitazioko hainbat mekanismo ulertzeko adimen artifiziala erabiltzean zentratzen da bere ikerketa.
Biek dute Nafarroako Kutxa Fundazioaren beka bana, NAIR Centerren eta Fundazioaren beraren arteko hitzarmenaren barruan; modu horretan, ikerketaren eta ezagutzaren aldeko apustua indartzen dute. Nafarroako Kutxa Fundazioaren helburuetako bat gizarteak planteatzen dituen erronka berriei erantzutea da, eta, zalantzarik gabe, adimen artifiziala eta izan ditzakeen aplikazioak guri dagokigun zerbait dira.
Hitzarmen horren bidez, neurozientzia konputazionala eta datuen eta informazioaren fusioa aztergai dituzten ikerketa-arloak bultzatzen dira. Neurozientzia konputazionala ikaskuntza adimenduna aztergai duen NAIR Centerren ikerketa-arloari dagokio. Neurozientzia konputazionalak, zehazki, eredu matematikoak eta konputazionalak erabiltzen ditu nerbio-sistemaren garapena eta funtzionamendua ulertzeko. Lan-arlo hori erabakigarria da adimen artifizialean printzipio zerebralak ulertzeko eta problema konplexuei aurre egiteko, hala nola ordenagailu bidezko ikusmenari eta hizkuntza naturalaren prozesamenduari.
Informazioaren eta datuen analisi eta fusio adimendunari buruzko ikerketa-arloaren asmoa da informazioaren eta datuen deskribapen, analisi eta ustiapenean sakontzea, adimen artifizialean hobeto aplikatzeko. Adimen artifizialaren algoritmoak eta aplikazioak lortzeko, ezinbestekoa da behar adina datu eta kalitatezkoak izatea, baita datu horiek tratatzeko eta horietatik behar den informazioa erauzteko mekanismo egokiak edukitzea ere.
Datu horiek modu numerikoan, linguistikoan, bektorialean, sentsorialean (irudi gisa) edo horien guztien konbinazio baten bidez adierazita egon daitezke. Horregatik, datuen analisi eta fusio adimenduna funtsezko elementua da adimen artifizialaren arlo guztietan, baita doitasunezko medikuntza, bioteknologia, 4.0 Industria, segurtasun informatikoa edo irudi-prozesamendua barnean hartzen dituzten aplikazioetan ere.
NAIR Centerren ikerketa-arloei buruzko informazio gehiago esteka honetan.
Nafarroako Kutxa Fundazioarekiko akordioari buruzko informazio gehiago esteka honetan.
IDSS-SouthernItaly ekitaldiari buruzko informazio gehiago esteka honetan.


