Ikertzailea urte erdi egongo da Salernoko Unibertsitatean, datu biomedikoen analisiari aplikatutako adimen artifizialeko nazioarteko bi erreferenterekin batera
Iruña, 2025eko azaroaren 26a — Juan Pedro García Ortiz ikertzaileak, NAIR Center-eko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP), doktoregaiak, sei hilabeteko ikerketa egonaldiari ekin dio Salernoko Unibertsitatean (Italia). Bertan Francesco Bardozzo eta Roberto Tagliaferri Salernoko Unibertsitateko ikertzaileen eta datu biomedikoen analisiari aplikatutako adimen artifizialeko nazioarteko erreferenteen gainbegirapean lan egingo du.
Bere egonaldia NUPen eta Salernoko Unibertsitatearen arteko doktorego bikoitzeko programa baten parte da, ikertzaileari bi erakundeetatik doktore titulua lortzeko aukera emango diona eta horrela Nafarroaren eta Salerno eskualdearen arteko lankidetza zientifikoa indartuko duena.
García Ortizek Irudimen Motorraren (IM) analisirako ereduen optimizazioan zentratuko du bere ikerketa, EEG (elektroenzefalograma) seinaleetatik abiatuta. Bere helburua garuneko seinaleak ulertu eta horiek ordenagailu bat kontrolatzeko gai izango den AA sistema bat sortzea da. Istripu zerebrobaskular baten ondorioz (iktus bat, esaterako) gorputz paralisia duten pertsonei laguntzeko balio du. Askok zailtasunak dituzte gorputzaren alde bat mugitzeko. AA gai izango da pazientea geldiarazitako aldea mugitzen saiatzen ari dela hautemateko, eta, egin nahi duen mugimendu motaren arabera, programak erantzun bat sortuko du. Batez ere errehabilitaziora bideratuta dago, baina, era berean, pazienteak pentsamenduarekin kontrolatu ahal izango dituen eta bere egunerokoan lagunduko dioten dispositiboak sortzea ahalbidetuko luke.
Gainera, egonaldiak saguaren bizkarrezurraren eredua amaitzen lagunduko dio Juan Pedrori, bai eta konektibitate funtzionala iragartzeko AAko tresnak garatzen ere. Honi esker, hobeto ulertuko dugu muinak nola prozesatzen eta garraiatzen duen minaren seinalea gorputzetik burmuinera, mina tratatzeko terapia berriei atea irekiz. Funtsezko beste helburuetako bat AAren arreta-mekanismoetan sakontzea da, funtsezko teknika baita modelatze molekularraren eta tamaina handiko hizkuntza-ereduen (LLM) azken aldiko aurrerapenetan, potentzial terapeutikoa duten molekula berriak diseinatzeko.
Bioteknologian graduatua Murtziako Unibertsitatean, Juan Pedro Garciak Oinarrizko Neurozientzia eta Neurozientzia Aplikatuko Masterra burutu zuen Balentziako Unibertsitatean, eta Bioinformatikako Masterra Murtziako Unibertsitatean. Doktoretza hasi aurretik, Alcalá de Henaresko Unibertsitatean lan egin zuen, Sistemen Biologia sailean, Minaren Neurobiologia taldean.

Gaur egun, Neurozientzia Konputazionalean ari da tesia garatzen, seinale neurologikoak aztertzeko AA ereduak diseinatzen. Salernoko egonaldiari esker, Roberto Tagliaferri eta Francesco Bardozzoren eskutik hainbat lan ildo nagusitan aurreratu ahal izango du. Roberto Tagliaferri Informatikako irakasle titularra da Salernoko Unibertsitatean, eta Big Data Management eta Data Science, Accounting & Management doktorego-eskolako zuzendaria. Francesco Bardozzo, ikertzaile seniorra, mikrokirurgia robotikoari aplikatutako adimen artifizialean doktoratua da.
Egonaldi honekin, García Ortizek urrats erabakigarria eman du neurozientziaren, AAren eta modelizazio aurreratuaren arteko mugan kokatutako NAIRren ikerketa-lerroan. Juan Pedro Garcíaren doktore-tesia Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntzari esker burutuko da, eta Salernoko Unibertsitateko egonaldia “la Caixa” Fundazioari esker. Azken honek babes ekonomikoak ikertzaile gazteen prestakuntza aurreratua bultzatzen eta nazioarteko lankidetza zientifikoko sareak indartzen laguntzen du.
NAIR Center-i buruz
NAIR Center, Adimen Artifizialeko Nazioarteko Ikerketa Zentroa adimen artifizialean (AA) eta datu-ingeniaritzan oinarrizko ikerketa aplikatua sustatzen duen erakundea da. 2022an sortu zen NAIR Center, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bitartez, eta gizartearen eta ehun ekonomikoaren onurarako adimen artifizialaren aplikazioan liderra bihurtu da, ikerkuntzan bikaintasunarekin eta teknologia aurreratuak erabiliz erronka garaikideetarako irtenbide praktikoen garapenarekin konprometituta. Bere helburu nagusiak honako hauek dira: AAren teknologian eta datuetan kalitate handiko ikerketa sustatzea, enpresei eta gizarteari ezagutzak zabaltzea, AAren erabilera sustatzea Nafarroako I+G+b Sisteman, SINAIn eta eskualdeetako enpresetan, lehiakortasuna bultzatzeko, AAn ikerketa akademikoa eta aplikatua babesteko, balio handiko enpleguen sorrera sustatzeko eta I+G+b oro har garatzen laguntzeko.


