Skip to main content

E

Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroak (NAIR Center) eta ONCE Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, ‘Proteinak nahieran diseinatzea adimen artifizialaren bidez’ proiektuan lagunduko duen doktore ikertzaile bat kontratatzeko.

Hitzarmenaren helburu nagusia da bi entitateen arteko aliantza sortzea, ONCE Fundazioak sustatzen duen ‘Eman aukera talentuari’ programaren esparruan —programak Europako Gizarte Funtsak (EGF) finantzatzen du—. Bekak ematean datza programa, eta beka horietako batzuk ikerketa-bekak dira, desgaitasuna duten unibertsitarioen karrera akademikoa eta ikertzailea sustatzea helburu dutenak.

Hitzarmenaren terminoen arabera, ONCE Fundazioak beka lortzen duen pertsonaren soldata ordaintzen lagunduko du, eta patronalaren kuota ere jarriko du. NAIR Centerrek, aldiz, proiektua behar bezala garatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko ditu, urtebetez gutxienez, beste urtebetez luzatu ahal izango baita, ikertzaileak eta zentroak aurrez hala eskatuz gero.

Proiektua NAIR Centerren ikerketa-ildoetako baten barruan kokatzen da, adimen artifizialaren bidez pertsonalizatutako proteinak diseinatzea.  Xedea da proteinak guztiz pertsonalizatuta diseinatzea ahalbidetuko duen teknologia garatzea, proteina espezifikoak sortzera begira.

Proteinak bizitzarako funtsezko molekulak dira, zelulen barruan funtzio ugari betetzen baitituzte, barnean dela zelulen bizitza mantentzen duten erreakzio kimikoen erregulazioa. Proteina askoren ezaugarria da beren egitura tridimentsionala —betetzen duten funtziorako erabakigarria— erabat dagoela aminoazidoen sekuentziaren mende. Proteinei buruzko ikerketa interes zientifiko handikoa izan da hainbat hamarkadatan, aminoazidoen sekuentziak proteinen tolestura eta egitura tridimentsionala nola baldintzatzen duen ulertze aldera.

Lotura hori ezagutzeak aukera ematen du proteinak nahieran diseinatzeko, eta, hartara, zenbait esparrutan aplikazioak izateko, hala nola plastikoak degradatzeko gai diren entzimak sortzeko —gaur egun garrantzi handiko arazoa—.

Zehazki, NAIR Centerrek lan egiten duen ikerketa-proiektu hori 2021ean abian jarritako AlphaFold adimen artifizialaren ereduan oinarritzen da. DeepMind enpresako ikertzaileek sortu zuten, eta proteina baten egitura tridimentsionala iragar dezake, aminoazidoen sekuentzia erabilita besterik gabe. Eredu hori inspirazio-iturri izan da mundu osoko ikerketa-talde askorentzat, tartean NAIR Centerrentzat, eta dagoeneko adimen artifiziala aplikatzen ari da proteinen diseinu-arazoak konpontzeko.

Iturria:  https://www.fundaciononce.es