Skip to main content

Taberna lehendakariordeak nabarmendu duenez, “Nafarroa abangoardia eta berrikuntzako lurraldea da”, 2018az geroztik adimen artifiziala esparru publikoan eta enpresa-ekosisteman txertatzen duten departamentuak eta sozietate publikoak ditu-eta.

 

Iruñeko Baluarte Nafarroako Biltzar Jauregi eta Auditoriumean gaur aurkeztuko dute ‘Teknologia pertsonen zerbitzuan’ Adimen Artifizialari buruzko Biltzar Nazionala, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuak eta NAIR Centerrek (Navarra Artificial Intelligence Research Center) VidAAs zentroarekin lankidetzan bultzatutako erreferentziazko topaketa. Foru Komunitatea adimen artifizialak gizartean betetzen duen eginkizunari buruzko eztabaidaren abangoardian kokatzea du helburu.

Biltzar hori adimen artifizialaren inplementazio etiko, jasangarri eta humanistaren aldeko apustua egiten duen Nafarroaren Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren barruan kokatzen da. Ikuspegi teknologiko hutsetik urrun, adimen artifizialaren dimentsio sozialak, juridikoak, ekonomikoak eta kulturalak aintzat hartzen dituen zeharkako begirada planteatzen du topaketak, eta adituen, erakundeen, enpresa-sektorearen, esparru akademikoaren eta herritarren arteko elkarrizketa irekia sustatzen du.

 

Etika, lankidetza eta eskubide zibilak ingurune digitalizatu batean

400 pertsona baino gehiago bildu dituen jardunaldian zehar, hiru ildo estrategiko handi jorratu dira: adimen artifizialeko sistemen diseinuaren eta erabileraren inguruko gogoeta etikoa; enplegua, hezkuntza, osasuna edo ingurumena bezalako funtsezko sektoreetan duen inpaktuaren analisia; eta unibertsitateak, ikerketa-zentroak, administrazio publikoak, enpresa teknologikoak eta gizarte zibila bilduko dituen berrikuntza kolaboratiboko ekosistema bat eraikitzeko premia.

Saioa NAIR Centerreko zuzendari gerente Gorka Garciaren ongietorriarekin abiatu da. Nafarroak pertsonak ardatz dituen adimen artifizialarekin konprometitutako lurralde gisa betetzen duen eginkizun estrategikoa nabarmendu du. Jarraian, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari Félix Tabernak esku hartu du, eta pentsamendu kolektiboak aurrerabide teknologikoaren eragile gisa duen garrantzia nabarmendu du: “Ezagutzak aurrera egiten du aurkitzen denean. Eraldaketa teknologiko handiak ez dira bakartzetik sortzen, jakintzak, sektoreak eta belaunaldiak gurutzatzetik baizik. Enpresek, unibertsitateek, erakundeek eta herritarrek elkarrekin kolaboratu eta pentsatu behar dute”, adierazi du.

Tabernak, halaber, teknologia eta kontzientzia konbinatuko dituen ‘Ilustrazio digital’ berri bat erreibindikatzen du: “XVIII. mendean dogmaren aurrean arrazoia erreklamatzen den era berean, gaur egun humanitatea eta etika defendatu behar dira gogoetarik gabeko adimen artifizialaren sorkuntzaren aurrean. Teknologiak eta kontzientziak eskutik joan behar dute gizarte aske eta berdinzaleago bat eraikitzeko”.

Datuak Babesteko Ikuskatzaile Europarreko idazkari nagusi Leonardo Cerverak emango du inaugurazio-hitzaldia, adimen artifiziala garatzeko nazioarteko ereduak eta Europako ikuspegiaren erronkak analizatzen dituena, batez ere erregulazioari, pribatutasunari eta etikari dagokienez.

European Social Network erakundeko zuzendari exekutibo Alfonso Larak eskainiko du goizeko bigarren hitzaldia, adimen artifiziala dagoeneko sortzen ari den gizarte-eraldaketa eta teknologia horrek Europako herritarrentzat marrazten duen etorkizuna aztergai dituena.

Lehen mahai-inguruak, ‘Adimen artifiziala eta algoritmo etikoak: erronkak eta soluzioak’ izenburupean, Mercedes Siles (Malagako Unibertsitatea), Pilar León (Nafarroako Unibertsitatea) eta Ulises Cortés (UPC eta Barcelona Supercomputing Center) bilduko ditu. Rosa Jasok moderatuta, sistema algoritmikoetan ekitatea eta gardentasuna bermatzeko jarduketa-esparruak eta dilema moralak jorratuko dituzte.

Atsedenaldiaren ondoren, ‘Eskubide digitalak eta adimen artifizialaren erregulazioa’ sakonduko ditu bigarren mahai-inguruak. Aritz Romeok (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Leire Arbonak (Veridas), Margarita Castillak (Cadizeko Unibertsitatea) eta Cristina Villasantek (ECIJA) agertoki digital berrien aurreko legegintzako aurrerapenei eta berme juridikoei buruz eztabaidatuko dute. Pilar Bensusanek (Granadako Unibertsitatea) moderatzaile-lanak egingo ditu.

Programak ‘Adimen artifizialaren onurak eta arriskuak: ezagutza, irizpidea, gaitasuna?’ gaiari buruzko eztabaida irekiarekin jarraituko du. Maria Moyak (Prodigioso Volcán), Carlos Fernández de Vigok (Dr. Platypus & Ms. Wombat), Luis Villa del Campok (Accenture Europa) eta Àurea Rodriguezek (EIT Culture & Creativity) parte hartuko dute NAIR Centerreko Ángela Bernardinik moderatuko duen eztabaidan. Hizlariek analizatuko dute nola lehenetsi giza balioak adimen artifizialaren diseinuan eta erabileran.

Hirugarren mahai-inguruak ‘Adimen artifizialaren aplikazioak gizartean: arrakasta-kasuak, gizarte-berrikuntza eta joerak’ du izenburu. Marisol Gomezek (NAIR Center eta NUP), Idoia Urmenetak (VidAAs zentroa), Gemma Botinek (Nafarroako Kutxa Fundazioa) eta Mar Pereirak (Galiziako Xunta) parte hartuko dute, eta Paloma Llaneza (Razona LegalTech) izango da moderatzailea. Hizlariek adibide zehatzak partekatuko dituzte, adimen artifiziala zerbitzu publikoak, osasun-arreta edo landa-garapen adimenduna nola hobetzen ari den ikusteko.

‘Adimen artifiziala eta gizarte-egitura: norantz goaz?’ izenburupean garatuko den elkarrizketan, Retinako (PRISA Media) zuzendari Jaime García Hermes Fundazioko lehendakari Enrique Goñirekin hizketatuko da. Fundazio horretako zuzendari nagusi Luisa Allik gidatuko du hizketaldia.

Libeliumeko CEO eta fundatzailekide Alicia Asín izango da azken hitzaldiaren protagonista. Adimen artifizialak bizi-kalitatea hobetzeko tresna gisa betetzen duen eginkizun eraldatzailea izango du aztergai, hasi osasunetik eta hiri-jasangarritasunera iritsi arte.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Luis Garciak emango dio amaiera instituzionala ekitaldiari. Nafarroak herritarrak ardatz dituen garapen teknologikoaren ereduarekin duen konpromisoa nabarmenduko du bere mintzaldian. “Adimen artifiziala ez da berez helburu bat, bizimoduak hobetzeko eta gizarte justuagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko tresna bat baizik”, baieztatuko du.

Era berean, García kontseilariak azalduko duenez, Nafarroa “erabakitasunez ari da lanean, etikan, gardentasunean eta talentuan oinarritutako eredu batekin eraldaketa digitalaren abangoardian kokatzeko”. Bere mintzaldian nabarmenduko duenez, adimen artifizialak “ez ditu zerbitzu publikoak ordezten, indartu egiten ditu”, hezkuntzan, osasungintzan edo justizian abian dauden proiektuei erreferentzia eginez. “Adimen artifizialak giza gaitasunaren onena areagotzeko balio behar du”, esango du sailburuak.

Nafarroa, abangoardia eta berrikuntzako lurraldea

Gogoan izan behar da 2018. urteaz geroztik, Nafarroako Gobernuko departamentuek eta sozietate publikoek hainbat ekintza sustatzen dituztela adimen artifiziala bai esparru publikoan bai enpresa-ekosisteman txertatzeko. Hala adierazi du Félix Taberna lehendakariordeak bere mintzaldian.

Horien artean nabarmentzen da 2022an NAIR Center bera sortu izana, Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroa, produkzio-ehunaren lehiakortasuna hobetzeko eta Foru Komunitatea esparru horretako erreferente bihurtzeko pentsatua. Zentro horrek lankidetza estuan lan egiten du IRIS Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloarekin zenbait arlo estrategiko garatzeko, hala nola datuen prozesamendu adimenduna, ikaskuntza automatikoa, adimen artifizial disruptiboa, eta adimen artifizialaren eta gizartearen arteko interakzioa.

Osasunaren esparruan, osasun-sistema publikoan dagoeneko erabiltzen ari dira diagnostikorako laguntza-tresna batzuk, betiere osasun-arloko profesionalek prozesu osoa gainbegiratuta, adibidez erretinopatia diabetikoen detekzio goiztiarraren kasuan.

Gizarte-esparruan, Nafarroako Gobernua aplikazioak eta ikuspegiak arakatzen ari da arreta soziosanitarioaren arloan adimen artifizialaren erabilera optimizatzeko, VidAAs zentroarekin eta NAIR Centerrekin lankidetzan.

Administrazio-arloan, egituratu gabeko datuak erauzteko tresnak erabiltzen hasi dira dagoeneko, datu-bolumen handiak maneiatzea eskatzen duten laguntzak kudeatzeko, baita laguntzaile birtualak edo txatbotak ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira Foru Gobernuko herritarren arretarako hainbat zerbitzutan berriki txertatutakoak edo Nafarroako Artxibo Nagusian gida birtual gisa jarduten duten tamaina errealeko bi abatarrak, ‘Archibaldo’ eta ‘Archibalda’ izenekoak. Zeregin administratiboetan eman beharreko denbora murrizten duten testuak sortzeko tresnak ere erabiltzen dira.

2024ko Urrian, Nafarroako Gobernuak Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren bitartez abiarazi zuen NavIA Lab S4 Adimen Artifizialeko Laborategiaren lehen edizioa, adimen artifizialaren arloko prestakuntza praktikoa, laguntza eta enpresaren prozesu zehatzetarako soluzioen inplementazioa biltzen dituen ekitaldia.

Prestakuntzari dagokionez, Nafar Lansare – Nafarroako Enplegu Zerbitzua hainbat ikastaro eskaintzen ari da konpetentzia digitalak zenbait mailatan ahalbidetzeko. Horien artean, nabarmentzekoak dira adimen artifizialean, produktibitatea hobetzeko adimen artifizial sortzailean, ChatGPT, Gemini edo Copiloten trebetasun aurreratuak eskuratzera bideratutakoak.

2024ko apirilean, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ‘Herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko adimen artifiziala’ errekonozimendua jaso zuen, adimen artifizialez lagundutako plataforma baten bitartez lurraldean konpetentzia digitalak indartzea eta inklusio teknologikoa sustatzea ahalbidetu duen proiektu batengatik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionez, 2024ko urrian Tracasa sozietate publikoarekin lankidetzan sustatu zuen Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Tracasa Katedra. Gainera, 2025-2026 ikasturterako ‘Machine Learning’ edo makinen ikaskuntzako Unibertsitate Masterraren lehen kurtsoa aurreikusita dago.

 

Lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua

Iruñeak hartzen duen Adimen Artifizialari buruzko Biltzar Nazionalari esker egiazta daiteke adimen artifizialean egiten diren aurrerapenek ezin dutela egon ahalegin bakartuen mende. Adimen artifiziala garatzeko ezinbestekoa da sektore publikoaren eta pribatuaren arteko etengabeko lankidetza, baita herritarren parte-hartzearekin eta erabakiak hartzeko gardentasunarekin partekatutako konpromisoa ere. Ildo horretan, Nafarroak ikuspegi integratzailea defendatzen du, non administrazioek, enpresek, ikerketa-zentroek eta gizarte zibilak koordinatuta lan egiten baitute lurraldearen etorkizun ekonomiko eta soziala markatuko duen teknologia baten norabidea definitzeko.

Horiek horrela, Foru Komunitatea berrikuntza irekiko laborategi gisa aurkezten da, hala soziala nola teknologikoa, esperimentazioa, ezagutzaren transferentzia eta pertsonak ardatz dituzten soluzioen diseinua bultzatuko dituena. Estrategia hori Europako Lehiakortasunari buruzko Draghi txostenean jasotako gidalerroekin lerrokatzen da. Txosten horrek azpimarratzen du presakoa dela subiranotasun digitala indartzea, kanpoaldearekiko mendekotasun teknologikoa murriztea eta ezagutzan, berrikuntzan eta talentuan oinarritutako ekonomia zimendatzea.

Azken finean, lidergo instituzionala, enpresa-bultzada eta gizarte-erantzukidetasuna konbinatuko dituen adimen artifizialaren gobernantza-eredu baten aldeko apustua egiten du Nafarroak, garapen teknologikoa ongizate kolektiboaren onerako izango dela eta eraldaketa justua eta jasangarria lortzen lagunduko duela ziurtatzeko.

 

Europar Batasuneko eskubide digitalekin bat datorren adimen artifiziala

‘Teknologia pertsonen zerbitzuan’ Biltzar Nazionala eginez, Nafarroako Gobernuak sendotu egin du erronka sozialei ikuspegi etiko eta inklusibotik aurre egiteko diseinatutako adimen artifizialarekiko konpromisoa. Foru Gobernuak, hortaz, garapen kolektiborako tresna gisa ulertzen den adimen artifizialaren aldeko apustua egiten du, Eskubide Digitalen Gutunarekin eta Europar Batasuneko Printzipio eta Eskubide Digitalen Adierazpenarekin bat datorrena.

Era berean, Nafarroako estrategia Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionalaren (ENIA) ardatzekin bat etorriz artikulatzen da, eta Adimen Artifizialaren Europako Estrategiaren gidalerroak betetzen ditu, segurtasun juridikoa eta pertsonen oinarrizko eskubideak arriskuan jarri gabe berrikuntzari lehentasuna ematen dion adimen artifizialeko eredua sustatzen du-eta.